miércoles, 23 de diciembre de 2009

الحرية bi herri, irrintzi bat!

Euskal Herriko nahiz Saharako musikarien elkarlanaz sortutako diskoa aurkeztu du MusikHerria disketxeak: “الحرية (Hurria). Bi herri, irrintzi bat!” (MH060). Herrien arteko elkartasuna oinarri, estilo anitzeko 20 abesti jasotzen ditu diskoak: rock, hip hop, saharar musika eta poesia, funky, reggae, hardcorea, bakarlariak eta bertsoak.

Diskoaren edukiak doan mp3 formatoan ezarriko ditu eduki libreen aldeko musikarien euren ekimena den disketxe berezi honek, diskoko eduki osoa copyright-ik gabekoa baita, eta irabazi asmorik ez baitute musika salduz. Hala ere, disko formatu erakargarrian erosi nahi duenak jakin beza kostuak amortizatu eta balizko irabazirik balego, Sahararen aldeko euskal ekimenetara bideratuko dela diru hori.

Ideia nondik sortu zen


Badira bi urte Saharako errefuxiatu-kanpamentuetara lehenengo bisita egin genuela, Ouserd ingurura. Bertan sahararren kultura ezagutzeko aukera izateaz gain, bertako musika tradizionala ere gertutik entzuteko beta ere eduki genuen. Eta hori ikusita, ideia hau etorri zitzaigun burura, Sahara eta Euskal Herriaren arteko elkartasunezko musika bilduma proiektua egitea. Baina zoritxarrez ez genuen musikaririk ezagutu lehen bidai horretan, beraz airean geratu zen proiektuaren ideia.


Orain dela urtebete eskas kanpamentuetara egindako bigarren bidaian ordea zortea izan eta Smarako Hababa musikaria ezagutu genuen. Honela, elkarlanaren ideia berari aipatzean, gustora laguntzeko prest egongo zela esan zigun. Egun gutxi izan ziren errefuxiatu-kanpamentuetan eman genituenak eta bueltatzeko eguna iritsi zen, hala ere, zorionez Hababak Gasteizen lan egiten zuen eta bertan bizi zen gainera, beraz proiektua aurrera eramateko egoera apropos baten aurrean geunden.


Nola gauzatu dugun


Euskal Herrira itzultzean, Musikherria kolektiboaren bitartez ezagutzen genituen taldeei elkartasun proiektuaren berri eman eta hauek segituen erantzun zuten, hainbat musika talde martxan jarri zirelarik gaiaren inguruko abestiak sortzen. Aipatzekoa eta eskertzekoa da Musikherriaren filosofiari kasu eginez, talde bakoitzak beregain hartu zuela abestia auto-ekoiztearen ardura.


Bestetik, diskoari hasiera eta bukaera emateko, pare bat bertso sortzea bururatu zitzaigun eta Amets Arzallusi egin genion proposamena. Bera hasiera hasieratik laguntzeko prest azaldu zen eta gustu handiz grabatu zituen bildumarako espresuki egindako bi bertsoak. Honetaz gain, Unai Ormaetxearen “Mario haritik tiraka” lanetik, “agurra” abestia hartu genuen (gaitaz eta txalapartaz eginiko agur berezia) Ametsen azken bertsoaren atzetik bilduma ixteko.


Bestalde, Saharako musika taldeen musika behar genuen eta guzti hori Hababarekin adostu zen. Bere Gasteizko etxean, Sahara bailitzan, te eta kus-kus artean, bere lagun musikarien abestiak aukeratzen hasi ginen. Baina hemen zailtasun batekin topatu ginen, argitaratu nahi genuen elkarlan hau Musikherriarekin egin nahi genuenez, bere filosofiarekin bat egiteko, copyright-ik gabeko abestiak behar genituen eta SGAE-rekin zer ikusirik izango ez luketenak. Honegatik zailagoa egin zitzaigun abesti Sahararrak aurkitzea, ia denak Madrilen grabatuak baitziren, beraz copyright dunak eta SGAEn daudenak asko. Hala ere, kosta bazitzaigun ere, zehaztasun hauek betetzen zituzten hiru abesti dotore aukeratu genituen bildumarako. Horretaz gain, Hababak poesia labur bat grabatu zuen espresuki, Ametsen lehen bertsoarekin batera diskoari hasiera eman ziezaion.


Diska barruko liburuxkari dagokionez, jendea Saharako gatazkaz informatzeko intentzioarekin Saharako historia eguneratua idatzi dugu euskaraz eta gazteleraz, Nuyum elkarteko Enekoren laguntzaz. Eta alderantziz, sahararrek guk bizi dugun gatazkaren berri izan dezaten, Euskal Herriko historia ere sartu dugu. Honetaz aparte, Arratiako gazte talde handi harekin egindako kanpamentuetarako bigarren bidaia horretan, guk geuk ateratako argazkiak jarri ditugu diskoa kolorea emateko asmoz. Aipatu beharra dago, guzti honi diseinu dotorea eman dion artista Unai Bergara izan dela, elkarlan honetan parte hartu duten beste kide denek bezala musu truk lagundu diguna.

domingo, 29 de noviembre de 2009

Alfabetizazio digitalari buruzko bideoen iruzkina

1.bideoa: Multimedia Literacy Digital Story

2.bideoa: Tiscar resume

Lehenengo bideoan ikusi daitekeena, zera da, orain dela urte batzuk haurrek amesten zutenaren eta gaur egungo haurrek amesten dutenaren artean ezberdintasun handirik ez dagoela. Hala ere bada zerbait aldatu dena, gaur egun gauza asko eta asko eskura dituztela, batez ere informazioaren gizartea eta teknologia berrien ondorioz. Bideo amaieran galdetzen da ea teknologia digitalak hezkuntza eraldatuko duen datozen hamarkadetan, eta erantzun garbia ematen du, “bai”. Dudarik gabe bideo labur honetan esaten denarekin guztiz ados nago eta teknologia digitalak irakasleentzat oso erabilgarriak direla eta izango direla argi dut, bizitzako edozein alderditan bezala, hezkuntzan ere eragin handia izango baitu.

Bigarren bideoa berriz konplikatuagoa iruditu zait, bertan hitz egiten diren hainbat gauza nahiko teknikoak iruditu baitzaizkit. Hala ere, ideia bat argi atera dut: teknologia digitalak eskaintzen digunarekin kritikoak izan behar garela. Zergatia oso zentzuzkoa iruditzen zait, kontsumitzaileak baikara uneoro eta kontsumitzen duguna nondik datorren eta nora doan jakiteak libreago egiten gaituela deritzot. Gainera horren arabera gure ondorio pertsonalak egin ditzakegu jasotzen dugun informazioaren inguruan.

martes, 24 de noviembre de 2009

Prometeus bideoaren iruzkina

Bideo hau ikusteak beldur antzeko zerbait sartu dit gorputzean. Datozen urteetan etorri ahal diren gauza berriek bertigo apur bat eman didate eta ez da teknologia berriak gorrotatzen ditudalako, ez baita horrela, baina uste dut gure gurasoentzat internet eta ordenagailuak nahiko ulergaitzak diren bezala, guretzat gauza asko eta asko izango direla etorkizunean ulergaitzak. Hori etorri zait burura bideoa ikusi bezain pronto, ikuspegi negatiboa beraz. Klasean komentatu ahal izan dugun moduan ere, jende askorentzat neurriz kanpokoa iruditu zaio bideo honetan erakusten digun etorkizuna, baina nik benetan ez dudala oso puztua ikusten. Azken urteotan izandako garapenaren lekuko izan gara, eta nire ustez datozen urteotan martxa geldotu beharrean azeleratu egingo delakoan nago.

Bestalde, liburuak, egunkariak, argazkiak eta horrelako produktu materialak desagertuko direlako uste hori sinesgaitza iruditzen zait, momentuz behintzat. Nahiz eta interneten hori guztia eduki, askotan eskuetan bertan izateak beste xarma bat baitu eta erabilgarria ere baita.

Seguru nago gizartea eraldatzen doan heinean, esfortzu handia egin beharko duela jendarteak berrikuntza horiekin eguneratuta egoten, atzean geldituz gero, orduan bai sentitu baitezakegu aurretik aipatutako bertigoa eta horren ondorioz ezintasun horretan blokeatuta geratu.

lunes, 9 de noviembre de 2009

Aproba testu birsartua


Musikherria

Egitasmo herritar eta kulturala da musika sorkuntza, produkzio, ediziorako eta zabalpenerako.

MusikHerria musikari eta musikazalez osatutako proiektua da laguntza kolektiboa bultzatu nahi duena. Honen helburua musika egiten dugunoi eta musika gustatzen zaigunoi baliabideak modu errazean hurbiltzea da. Musika egiteko, produzitzeko eta kontsumitzeko gaur egun dagoen eredu komertzialetik urrundu nahi du, beste eredu herritarrago batera hurbiltzeko, garai berriotara egokituz.

Gazteria gara musika egiten eta erabiltzen duen jendartearen zati handi bat. Gazteak gara proiektu hau sortu eta aurrera eramaten dugunak, nahiz eta adin mugarik ez eduki.

Gazteok, berritzaileak izango gara ere proiektu honetan.

Hau dena Markinan egin ziren Gazte Mugi! topaketetan musikaren inguruko hausnarketa ezberdinetatik sortu zen. Egungo egoerari buruz hitz egiteaz gain, alternatiba berrien inguruan hitz egin genuen han, eta bertan hausnarketa egiten jarraitzeko, jende gehiago parte hartzeko eta zabaltzeko deialdi berri bat egin genuen, helburua: alternatiba bat martxan jartzea: herri disketxe berri bat.

Jarraian egin ziren bilkuretatik atera ziren hausnarketak zabaltzeko eta jendearen parte hartzea errazteko probisionala izango zen web gune bat (Herri Disketxeruntz) zabaldu genuen. Bertan MusikHerriaren sorrera prozesuko bilkuren aktak, eztabaidak, dokumentu ezberdinak eta copyleftaren inguruko informazio orokorra aurki daitezke.






Prometeus

jueves, 5 de noviembre de 2009

Informazioaren gizartea bideoaren iruzkina

Garai zaharretan erlojurik gabe nola bizi ginen eta jendearen adinak garrantzirik ez zuela aipatzen du bideoak, eta nola denbora aurrera egin duen heinean gizartea eraldatzen joan den. Azken urteetan ordenagailua eta interneten asmakuntzarekin iraultza digitala eman da eta gaur egun "0" eta "1"en arteko konbinazioen bidez funtzionatzen du denak.
Ados nago informazioa denon esku egote horrek mundua baldintzatzen duela, bideoan argi esaten den bezala horrek ekonomian eragina du, lana, lurra eta kapitala baina garrantzitsuagoa izatera helduko baita. Azken baieztapen hau oso gogorra iruditu zait eta pixka bat neurriz kanpokoa. Dakidana da, gaur egun, bai politikan eta ekonomian, komunikazio sareak izateari izugarrizko garrantzia ematen diela. Honen arrazoia da, jendeak ez duela kritikoki kontsumitzen informazioa eta guztia sinetsi eta barneratzen duelako, normalean. Honek garbi erakusten digu ze nolako garrantzia duen informazioaren gizarteak egungo munduan.

martes, 3 de noviembre de 2009